Ibaialde Ikastolan, Haur Hezkuntzako etapan Konfiantzaren Pedagogian (haurra hezkuntza-ibilbidean laguntzea oinarritzen da, norberaren buruarengan eta haren inguruan konfiantza izan dezan, gaitasunak ahalik eta hobeki garatzeko eta zoriontsua izateko) oinarritutako hIZAN proiektua lantzen dugu.
Ikastola guztiak definitzen dituen marko pedagogikotik abiatuta, eta gure Ikastolako hezkuntza proiektuan oinarrituta, baita Ikastolak dituen berezko ezaugarriak kontuan izanik, hIZAN proiektuak umean eta haren garapenean kokatzen du arreta.
Haurrak bere buruarekin eta ingurukoekin seguru sentitzeko konfiantza ezinbestekoa du, segurtasun egoera horrek aukera emango dio ezagutzak zabaldu eta jakintza handitzeko. Modu horretan, landutako gaitasunak barneratzeaz gain, bizitzako egoera errealetan erabilgarri izango ditu.
Ekintzetan oinarritutako ikaskuntza da, “egiten eta izaten jakite” bat dela esan dezakegu, haurrak berezkoa duen jakin-min eta aktibotasunean oinarrituta. Horretarako, haurrak oinarrizko konpetentzien garapenak eskatzen dituzten mota desberdinetako ikaskuntzak eskuratzen joango dira, konpetentziak honakoak izanik: izaten ikasteko konpetentzia, konpetentzia motorra, elkarbizitzarako eta gizarteratzeko konpetentzia, hitzezko komunikaziorako konpetentzia, ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia, ulermenean oinarritutako pentsamendua, zientzia eta teknologiarako konpetentzia, arte komunikaziorako konpetentzia eta matematikarako konpetentzia.
